Euskal monetak marka guztiak hausten

Aurtengo gertakari historikoa geldituko da « eusko » monetaren sortzea Zifrak lagun, euskoak ematen digu parada ekonomiak alde baikor bat ukan dezakeela ohartzeko. Pentsa jada 2 000 harpidedun partikular hurbildu direla euskal moneta, euskoa sortu duen elkartearen gana bost hilabete barne. Eta abiatuan abiatu, euskoa sartzen da 440 enpresa eta komertsetan. Euskal moneta elkartearentzat froga jendeak eta enpresek ezin xinplekiago euskoa erabiliz lekuko ekonomia indartzen dutela. Gehitzen du elkarteak erromantismo hura fini dela : « ah nik euskal herria maite dut, baina bihotza eta moltsa ez dira alde berean » zioena. Euskoarekin, eguneroko praktikan erakusten du jendeak hemengoa dela eta hemengo ekonomia bultzatzen duela.

Abantaila lekuko elkarteentzat

Elkartek dute euskoaren arrakasta jada eskuratzen. Erabiltzaile batek ehun eusko (euro bat = eusko bat) hilabetean erosiz, horietatik hiru ba doaz berak izendatua duen elkarte baten kutxara. Horrela 30 erabiltzailek berdin eginez mila eusko sartzen dira elkartearen kutxan. Kalkulu hori teorikoa baldin bada, ohargarri da hala ere euskal monetak 4200 eusko banatu dituela uztail honetan elkarteen artean.

« Herrikoa » sozietatearen eskukaldia

Euskoaren sorrerarekin aldatu ditu Herrikoa arrisku sozietateak aurtengo planak ; 100 000 euroko kapitala ireki du, euskoaren filosofiarekin bat eginik proiektu berriak asmatzen dituzten lekuko enpresentzat. Herrikoak eta Euskal monetak osatzen duten epai mahaiak uda honetan etsaminatzen ditu aurkeztu diren lehenbiziko proposamenak. Hara hor euskoaren lehen ondorio onak enpresentzat. Funtsean, departamendua ez da tronpatu, joan den maiatzeko batzorde iraunkorrean 10 000 euroko diru laguntza ekarri dio euskal moneta elkarteari. Honek dirutza hori baliatu du berehala « eusko » moneta berriak inprimitzeko, lehen inprimaldiko guztiak jada erabiliak izan direlako.

Bouton Haut de page